Euskal Eskola Publikoaren 27. Jaiaren balorazioa

Gaur, ekainak 3, 35.000 lagundik gora etorri dira Lekeitiora “Zapran gagoz” lemapean Euskal Eskola Publikoaren 27. Jaia ospatzera.

Eskolan ospatu den ekitaldi ofizial jendetsuak eman dio hasiera Jai egunari. Hitza hartu dute bertan Ana Puente EHIGEko presidenteak, Ianira Santana Lekeitioko eskolako guraso elkarteko presidenteak, Koldo Goitia Lekeitioko alkateak eta Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Gainera, lekukoa jaso dute datorren urtean Euskal Eskola Publikoaren Jaia antolatuko duen Errenteriako eskolako guraso eta ikasleek Alkatearekin batera. Hiru dantza eskaini dira ere: Eguzki Dantza, Kaxarranka eta “Zapran gagoz” funki espektakulua. Handik kalejiran joan gara Plazara.

Bertan egon dira Hezkuntza saila (Hezkuntza eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea) eta Hizkuntza Politika saileko ordezkariak (Miren Dobaran sailburuordea); Bizkaiko Foru Aldundia (Lorea Bilbao Kultura eta Euskara diputatua horien artean), Neli Zaitegi Euskadiko Eskola Kontseiluko presidentea; EAJ, EH-Bildu eta Elkarrekin Podemos partiduetako ordezkariak; sindikatuak (STEILAS, CCOO, LAB eta ELA); HEIZE, Ikastolen Elkartea, ILP Eskola Inklusiboa, Kontseilua, AEK eta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak, besteak beste.

Eguraldia lagun, aurreikusitako jarduera guztiak ospatu dira giro ederrean. Arratsaldeko 5etan euria hasi da baina jarduerak mantendu dira estalitako espazioei esker. Eredugarria izan da Lekeitioko herriaren harrera.

Goizeko 10etarako aparkaleku guztiak bete dira eta dispositibo berezia jarri da martxan Artadi urbanizazioan eta Santa Katalinan eta Kurtziagako bidean. Horietaz gain ikastetxeek antolatutako 40 autobus etorri dira. Aurreko egunean autokarabanarentzako aparkalekua bete zen ere.

Merezitako deskantsua hartu ondoren, 2019ko ekainaren 2an Errenterian “Makina bat taupada” lemapean ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaia prestatzen hasteko ordua izango da. Lekeitioko eskola publikoa lagun izango dute Errenteriakoek. Zapran gagoz!

*Gure sare sozialetan dituzue jai eguneko argazkiak:
-Facebook: Euskal Eskola Publikoaren Jaia
-Twitter: EEPJaia

This entry was posted in Balorazioa. Bookmark the permalink.