EHIGE-ren diskurtsoa hasiera-ekitaldian

Mila esker agintari eta gonbidatu guztiei gaur gurekin egotea erabakitzeagatik, Euskal Eskola Publikoari babesa ematen.

Mila esker urtero Euskal Eskola Publikoaren Jaia egiten laguntzen diguzuen babesle ta laguntzaile guztiei.
Eta mila esker, bereziki, Lekeitioko hezkuntza publikoaren komunitateari urte osoan egindako lanagatik. Zuen esfortzuak merezi du, merezi izango du; ondare ederra utzi duzue etorkizunerako.

Izan ere, Lekeitioko irakaskuntza publikoak primeran islatzen ditu Euskal Eskola Publikoaren balioak: eskola euskalduna da, parte-hartzailea, berritzailea, denona eta denontzakoa eta ondorioz gizarte osoari irekia.
Horregatik, pozik hartu genuen EHIGEn zuen eskaria Jaia egiteko.

Eskola publikoa hezkuntza-sistemaren ardatza izan behar dela aldarrikatzea da guraso elkarteok 1994tik antolatzen dugun Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren helburua. EAEko hezkuntza-sistema anomalia bat da bai Euskal Herrian eta bai Europar Batasunean ere, non erakunde publikoek eskola publikoaren alde egiten duten, eta eskola publikoak, bataz beste, sistema osoaren %80 gainditzen duen. Eskola publikoak hazi nahi du eta horretarako erakunde publikoen babesa behar dugu. Guztiok dakigunez, hezkuntza eskubide bat da, eta soilik botere publikoek dute berau bermatzeko ahalmena; beraz, Euskal Eskola Publikoaren zeregin egituratzailea eta funtsezkoa aitortu behar dute. Harro gaude daukagun eskola publikoaz! Beraz, hauxe da gure lehen eskaria: eskola publikoren alde egin ezazue, eskola publikoa delako guztiei kalitatezko hezkuntza eskaintzen dien bakarra.

Gure hezkuntza-sistemak datu onak ditu hainbat arlotan. Batzuk aipatzearren, ikasle guztiak sisteman mantentzeko egiten den esfortzua, integrazioaren aldeko esfortzua, adierazle onak hainbat arlotan, esate baterako, eskolaratze-tasa, titulatuen kopurua, eskola-porrot baxua, konparatiboki errepikatzaile gutxi, Lanbide Heziketaren prestigioa eta abar.
Hala ere, ba ditugu ahultasunak, eta ezin gara ezkutatu. Tamalez, ekitate-arazoak ditu gure hezkuntza-sistemak:
·Alde batetik, ikastetxe pribatuen konpromezu ezak kalte egiten dio ekitateari.
·Bigarrenik, hainbat adituren ustez, ikastetxe heterogeneoak dira aportazio handiena egiten diotenak ikasle guztiei. Beraz, segregazioa murriztuz guztiok irabazten dugu (ganamos más que perdemos).
·Azkenik, hizkuntza-ereduak, getizazioa gainditu ordez, ezberdintasunak sakontzen ari dira. Ereduak desagertu behar dira eta euskararen erabilera sustatu behar da.
Euskadiko Eskola Kontseiluan, askotan eztabaidatu da ikasleak gure hezkuntza sistemaren ikastetxeetan era orekatu eta kohesionatuan nola banatu.
Euskadiko Eskola Kontseiluak dioenez, gaur egun, gizarte plural eta anitz batean bizi garenez, kohesioa sustatzeak eta elkarrekin bizitzen ikasteak heterogeneotasunean egitea eskatzen dute.
Bestalde, aste honetan bertan, Zubiak Eraikiz plataformarekin batera, Eskola Inklusiboaren aldeko Legegintzako Herri Ekimena, ILPa, entregatu dugu Eusko Legebiltzarrean. 17.000 sinadura baino gehiago jaso ditugu, eskatuz euskal hezkuntza-sisteman kohesioa eta berdintasuna hobetzea. Dudarik gabe, guztiontzako ona izango da. Beraz, hona hemen bigarren eskaera Legebiltzarreko alderdi politikoei: kemena eskatzen dizuegu gai honi heltzeko.

Euskal Hezkuntza Lege berri bat egiteko, gai garrantzitsu batzuk jarri beharko lirateke mahai gainean, guztion artean eztabaidatzeko. Geure ustez, beharrezkoa da gure hezkuntza-sistemaren diagnostiko fina egitea. Finantzaketa-eredua aldatu behar da, azken urteetako aurrekontuei dagozkien hezkuntza-politikak berrikusiz. Hezkuntza arloan aplikatu diren doitze politikek negatiboki eragin diotelako hezkuntza publikoari, sare pribatuko itunek gora egin duten bitartean. Gizarteak premiaz behar dituen hobekuntza sozialerako helburuak lehenetsi behar dira, interes korporatibo, ideologiko, erlijioso edo segregazioa helburu dutenen gainetik. Hemendik, gure hirugarren eskaera: eztabaida zabala ireki, eragileok eskatzen ditugun gaiak kontuan izan eta euskal gizarteari entzun, euskal hezkuntza sistema duina eta adostua lortzeko.

Eta amaitzeko, ezin dugu ahaztu egoera politiko berriak LOMCE derogatzeko aukera ematen duela. Ondorioz, LOMCE derogatu eta Heziberri goitik-behera aztertzeko eskaria egiten dizuegu.

Mila esker.
Ana Puente
EHIGEko presidentea

This entry was posted in Aurkezpena, Balorazioa, Euskara, Hasiera ekitaldia, Hitzaldia, Ikastetxeak, Kirola, Kultura, Sin categoría and tagged , , , , , , , , , , . Bookmark the permalink.