Euskal Eskola Publikoaren Jaia aurkeztu dugu Errenterian

Argitaratuta: 2018/07/18 12:47:28
Kategoriak: EEPJ Rss feed

Euskal Eskola Publikoaren Jaia aurkeztu dugu Errenterian

Gaur eguerdian Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaia aurkeztu dugu Errenteriako Udaleko biltzar aretoan. Bertan egon dira Julen Mendoza, Errenteriako alkatea, Garazi Lopez de Etxezarreta, Hezkuntza zinegotzia, Leire Zarra Koldo Mitxelena eskola publikoko zuzendaria, Maialen Oliveri, Koldo Mitxelena eskola publikoko ama eta Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzailea.

EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAREN JAIA
1994tik, Euskal Eskola Publikoaren Jaia ospatzen dugu guraso elkarteok eskola-komunitateetako gainontzeko kideekin batera, eskola publikoa hezkuntza-sistemaren ardatza izan behar dela aldarrikatzeko asmoz.

Ikastetxe publiko batekin elkarlanean antolatzen du EHIGE-k urtero jai hau. Oraingo honetan Errenteriako ikastetxe publikoekin elkarlanean.

Ekaineko aurreneko igandean ospatzen dugu jaia. Ekainaren 2an izango dugu beraz 2019ko hitzordua.

IRUDIA ETA LELOA
“Makina bat taupada” da Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaiaren leloa. Irudia sortzeko, Errenteriko ezaugarri propioak bilatzen hasi ginen eta Errenteriak herri bezala historian izan duen ezaugarri nabarmenena industria izan dela kontsideratu dugu. Izan ere XX. mende hasieran herriak zituen lantegi eta langile kopuruagatik “Manchester txikia” deitzen zitzaion. Estatutik familia asko etorri ziren lan bila eta herria eraldatu zen. Gaur egun mantentzen dituen ezaugarri asko horren ondorio dira.

Industria hori irudikatzeko engranajea aukeratu dugu, ohiko elementua eta erraz identifikatzen dena delako. Eskolako komunitatea osatzen dugunok izango ginateke engranajeak, elkarrekin lanean aritu behar dugunok. Batek huts egiten badu makina ez dabil.

Eta irudi horri lotuta sortu ze leloa: “Makina bat taupada”. Makina, alde batetik, asko garelako Euskal Eskola Publikoan ari garenak, eta bestetik, engranaje horiek elkartasuna, bizikidetza eta inklusibitatea irudikatu nahi dutelako, denon artean makina handi bat osatuaz.

ESKOLA PUBLIKOA ERRENTERIA ETA OARSOALDEAN
Sei ikastetxe publiko daude Errenterian eta 2.500 ikasle guztira: Koldo Mitxelena LHI eta BHI, Cristobal Gamón LHI eta BHI, eta Bizarain LHI eta BHI.

Horietaz gain, beste 6 ikastetxe publiko daude Oarsoaldean eta beste 1.850 ikasle: Lezo LHI eta BHI, Oiartzungo Elizalde LHI ta BHI eta Pasaiako Karmengo Ama LHI eta BHI.

EHIGE
Federatutako 500 IGE baino gehiagorekin, Euskal Eskola Publikoaren baitan ordezkaritza handiena duen erakundea da EHIGE. Baikara, BIGE, Denon Eskola, Gipuzkoako Eskola Txikiak eta Ikas-bi federazioek osatzen dute.

Euskal hezkuntza sistemaren oinarrizko ardatz egituratzaile izango den eskola publiko euskalduna, kalitatezkoa, inklusiboa, ekitatiboa, demokratikoa, laikoa, berritzailea eta solidarioa defendatzen du EHIGEk.

Euskal Eskola Publikoaren Jaia da urtero antolatzen duen jarduera publiko garrantzitsuena.