“Publikoa ai do!“ aldarrikatu dute milaka lagunek Ordizian

Argitaratuta: 2024/06/13 13:28:02
Kategoriak: Euskal Eskola Publikoaren Jaia Rss feed , Hasiera Rss feed

“Publikoa ai do!“ aldarrikatu dute milaka lagunek Ordizian

Milaka lagun hurbildu ziren ekainaren 2an Ordiziara Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaia ospatzera. Ikastetxeetatik antolatutako autobusetan, garraio publikoan, autoetan eta autokarabanetan hurbildu ziren “Publikoa aI do!“ lelopean ospatu dugun Jaira.

Barrena parkean ospatu zen hasiera-ekitaldi ofiziala Sara Cozar eta Xarma Leoneren eskutik. Ametsbide eta Urdaneta dantza taldeen agurraren ondoren, hitza hartu zuten Arkaitz Aburto EHIGEko presidenteak eta Maria Albisu Ordiziako Urdaneta eskola publikoko IGEko presidenteak. Ondoren, agintarien txanda izan zen, Adur Ezenarro Ordiziako alkatearena, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuarena, eta Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusiarena, hain zuzen ere.  Ondoren, paperezko hegazkinak bota zituzten oholtzatik Urdaneta eskolako ikasleek, “Munduketariak” ipuinari omen eginez. Amaitzeko lekukoa eman zitzaion datorren urtean Euskal Eskola Publikoaren 32. Jaia antolatuko duen Urduñako eskola publikoari. Bertan egon zirelarik eskolako ikasle, guraso, zuzendari eta herriko alkate Iker Santocildes eta Uxue Mendibil, Hezkuntza zinegotzia.

Gonbidatuen artean egon ziren Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea, Eugenio Jimenez Ikastetxe eta plangintza zuzendaria, Amaia Urzelai Gipuzkoako hezkuntza lurralde ordezkaria eta Maite Alonso Euskadiko Eskola Kontseiluko presidentea. Bertan egon dira ere EAJ, EH-Bildu, PSE, Ezker Anitza-IU eta Elkarrekin Podemos partiduetako kideak, baita LAB, STEILAS eta CCOO sindikatuko ordezkariak eta HEIZE eta Euskalgintzako Kontseiluaren ordezkariak.

Jaia Ordizian zehar!

Lau gunetan banatutako giro ezin hobean ospatu ziren jarduera guztiak. Ordiziako Plaza Nagusian umeek ederto pasatu zuten Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunarekin. Ondoren gorputza dantzan jarri genituen Goxua’n Salsa eta Duplaren kontzertuekin. Gune aparta izan zen umeentzat, izan ere Garagartza plazan puzgarriak izango genituen eta Goen plazan Mustaren perkusio tailerra.

Frontoia eta arboledan ere jende asko batu zen igandean. Frontoi txikian Eroskiko Elikadura Eskola programarekin hainbat tailer egiteko aukera egon zen eta arboledan egon zen Makusi gunean (EITB) jolasean aritu ziren egun osoan zehar. Argazkientzako tartea ere egon zen Go!azeneko photocallari esker. Sabela betetzeko gunea ere izan zen: Haziko eusko labeldun barazki parrillada eta eusko labeldun hanburgesak, Urdanetarrak Guraso Elkarteko kideak Biziolarekin elkarlanean egindako bertako paella ekologiko goxoa eta Kroketxearen krokea goxo-goxoak.

Jose Migel Barandiaran plazan kirol guneaz gozatzeko aukera egon zen herriko taldeei esker: gimnasia erritmikoa, saskibaloia, eskubaloia, rugbya, futbola eta txirrindularitza.

Barrena parkea ere jendez gainezka egon zen egun osoan zehar eta hamaika ekintzaz disfrutatu zuten txikiek eta helduek: Oihan Vega DJ, Izaskun Mujika ipuin kontalaria, Gora bihotzaken antzerki musikala eta Antxo ta Pantxaren “Eman bizia” antzerkia egon ziren oholtzan. Parkean barrena, ordea, beste hainbat ekintza eta txoko egon ziren: Munduketariak gunea, Pai jolas kooperatiboak, Jokai euskal mitologia jolasak, Kaikuren tailerra eta ikuskizuna, Berriaren zozketak… familia giroan gozatzeko espazio ederra!

Gainera, giroa alaitzeko ekintza ibiltariak ez ziren falta izan Ordizian! Xixka magia elkarteko magoak, Burrunbazale txaranga, Ordiziako erraldoiak eta Ordiziako Musika Eskolako Banda, Ordiziako txistulariak eta euskal dantzak eta Reperkusion Feminista eta Euskal Eskola Publikoaz Harroko kalejira!

Ekainaren 1ean Ordiziara hurbiltzeko aukera izan zutenek ere asko disfrutatu zuten goitiberekin eta Burrunbazale txarangarekin arratsaldean, eta Esanezin eta Etxeperen kontzertuekin gabean.

Ikasturte oso bateko lanak merezi izan du. Mila esker bihotzez Ordiziako eskola publikoaren komunitateari. Izugarriak zarete eta elkarrekin indartsuagoak gara!

Orain Urduñaren txanda da. Hasi gara jada Euskal Eskola Publikoaren 32. Jaia antolatzen eta laster izango duzue gure berri!

Ordiziatik Urduñara, publikoa aI do!