Oarsoaldeko ikastetxe publikoen topaketa

Argitaratuta: 2018/11/07 12:32:39
Kategoriak: Euskal Eskola Publikoaren Jaia Rss feed

Oarsoaldeko ikastetxe publikoen topaketa

2019ko ekainaren 2an, Errenteriak Euskal Eskola Publikoaren Jaia hartuko du, ‘Makina bat taupada’ lelopean, eta jaiaren harira ikasturtean zehar antolatuko ditugun ekitaldietan lehena Oiartzunen egin genuen, urriaren 21ean. Oarsoaldeko ikastetxe publikoen topaketa izan zen, eta bertan bildu ginen Oiartzun, Lezo eta Errenteriako ikastetxe publiko guztietako hainbat familia.

Lezo eta Errenteriako familiak goizeko 9:30ean bildu ginen Errenterian, Zumardian, eta bidegorrian barrena bizikletaz joan ginen Elizalde eskolaraino. Bertan, harrera egin, eta hamaiketako bikaina eskaini ziguten, indarberritzeko.

Pixkana-pixkana, gero eta jende gehiago hurbildu zen Elizaldera, eta 11:00ak aldera kalejira hasi genuen Oiartzungo kaleetan barrena. Jende mordoa bildu ginen kalejiran, eta trikitilariak, txistulariak eta ikastetxeetan sortutako buruhandiak izan genituen bidelagun.

Herriko plazara iristean, Elizalde Dantza Taldeko kideek agurra dantzatu zuten, eta txalaparta soinuez gozatzeko aukera ere izan genuen. Ondoren, 2019ko ekainaren 2an Errenterian egingo den jaia aurkeztu genuen, aukeratutako logoaren eta leloaren nondik norakoak azalduta, eta bertso batekin eman genion amaiera plazako ekitaldi xumeari.

Berriz Elizaldera itzulita, bertaratutako familiok aukera izan genuen elkarrekin jolasteko, eta etxeko txikienek eskolako paretetako batean mural bat margotu zuten. Goizeko ekintzak amaitzeko, zenbait gurasok horma horretan zintzilik zegoen oihala kendu, eta agerian geratu zen Euskal Eskola Publikoaren Jaiko logoa, Elizaldeko gurasoek margotua eta patioa apainduko duena ikasturte osoan zehar.

Goizekoak amaituta, bazkarirako ordua iritsi zen. Hirurehun bat pertsona elkartu ginen bertan bazkaltzen, eta guztien artean antolatu genituen mahaiak eta aulkiak. Etxetik eramandako jaki goxoak mahai gainean jarrita, elkarrekin partekatu ahal izan genituen. Oiartzunen egindako topaketan aparteko giroa sortu zen familien artean, eta egun bikaina igaro genuen guztiok, haur zein guraso.