6.000 euro entregatu dizkiogu “Zaporeak” proiektuari

Argitaratuta: 2019/06/21 10:13:36
Kategoriak: Euskal Eskola Publikoaren Jaia Rss feed

6.000 euro entregatu dizkiogu “Zaporeak” proiektuari

Euskal Eskola Publikoaren Jaian bazkariarekin lortutako 6.000 euroak entregatu dizkiogu “Zaporeak” proiektuari. Lesbosen (Grezian) errefuxiatuentzat janaria prestatzen duen elkartearen izenean jaso du txekea Jesús María Jamón Martínezek, Errenteriako Koldo Mitxelena eskola (Maialen Oliveri), Oiartzungo Elizalde eskola publikoa (Idurre Pikabea) eta EHIGEren eskutik (Lurdes Imaz).

Ekainaren 2an Euskal Eskola Publikoaren Jaia ospatu genuen Errenterian. Gamon Zumardian bazkari zerbitzua eskaini genuen eta bertako irabaziak “Zaporeak” proiektuari entregatu dizkiogu. Konkretuki “Zaporeak” proiektuko kideek Lesbosen egiten duten erara prestatu zituzten oilaskoa eta makarroiak; Oiartzungo Elizalde eskolako gurasoek taloak eta bokatak prestatu zituzten eta Hazi fundazioak oilasko pintxoak eta barazki platerrak. Guzti horri esker 6.000 euro batu ditugu. Diru horrekin beste hainbat otordu prestatuko ditu Zaporeakek Lesbosen duen proiektuan.

Zaporeak proiektua Lesbosen

Irabazi-asmorik gabeko elkartea da Zaporeak, eta Greziara iristen diren errefuxiatu guztiei elikagai duina, osasungarria eta nutritiboa ematea du helburu nagusia. Elkartearen zeregina da janariaren bidez duintasuna eskaintzea, nutrizio aldetik orekatuak diren otorduak prestatuz, Greziako errefuxiatu zelaien barruan eta inguruko kokalekuetan gainbizi diren pertsona errefuxiatuentzat.

Proiektua Intxaurrondoko Elkarte Gastronomikoan sortu zen, janariarekin lotutako izaera solidarioko ekimenak garatzeko. Proiektuaren helburu nagusia Lesbos uharte greziarrean dauden 3.000 lagunei egunero jaten ematea da. Horretarako, Zaporeak-ek bertan sukaldea eraiki du eta boluntarioen laguntzaz, egunero bazkari duina banatzen dugu behar handiko pertsona errefuxiatuen artean. Hiru astero, zazpi boluntarioz osatutako talde bat irlara bidaiatzen da sukalde lanetan aritu eta Lesboseko uhartean dauden pertsona errefuxiatuentzat otorduak prestatzera.

Elikadura duin bat izateko eskubidea oinarrizko giza eskubidea da, 1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean jasotakoa. Lesboseko Moria errefuxiatu zelaian egoera larria da. Izan ere, 2000 pertsonentzako egokitua dagoen zelaian 5000 pertsona errefuxiatutik gora bizi da, ia erdiak adingabekoak direlarik. Zaporeak-ek elikadura urritasuna otordu osagarriak prestatuz lagundu nahi du.

Zaporeak proiektuan boluntario bezala parte hartu nahi baduzu bete ezazu formulario hau eta elkartetik zurekin harremanetan jarriko dira. Bestalde, diru-laguntza batekin lagundu nahi baduzu, lotura honetan daukazu dohaintza egin ahal izateko datuak.