Bi ikastetxe publiko daude Ordizian: Urdaneta eskola eta Oianguren institutua.

Urdaneta HLHI

Urdaneta Eskola Ordiziako haur eta lehen hezkuntzako ikastetxea da. 1973-1974 ikasturtean zabaldu zen eta 1985-1986 ikasturtean ezarri zen D eredua. Egun, Euskal Herriaz gain, beste 31 herrialdetan jatorria duten familiatako seiehun ikasletik gora batzen ditu. Euskaraz gain, beste 21 hizkuntzatan hitzen egiten duten familietako haurrak eskolatzen ditu, euskara ardatz duen hezkuntza sisteman.

Ordizian eta Eskola Publikoan bereziki dugun aniztasun handiari erantzun nahian metodologia egokienaren bila hasi ziren eta eskola desberdinak bisitatu ostean Amara Berri Sistema ezartzea erabaki zuen ikastetxeak. 2021ean Amara Berri Sarea sortzen da, sistema hau duten eskola guztiak elkarrekin aritzeko xedez.

2006-2007 ikasturtean "Kalitatea Hezkuntzan" Proiektuan sartzea erabaki zuen Urdaneta ikastetxeak eta hiru urte pasa zituzten eskolako protokolo eta dokumentu guztiak berridazten eta antolatzen; eta 2011-2012 ikasturtean Ikuskaritzak barneko auditoria egin zuen eta "Kalitatea Hezkuntzan" Proiektuan K lortu zuten.

Momentu honetan 50 ikastetxe publiko batera lana egiten dute Kalitatea Hezkuntza Sarean.

Urdanetarrak Guraso Elkartea

Ikastetxeak hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartze aktiboa bultzatzen du. Urdanetarrak Guraso Elkartea Ordiziako eskola publikoko familien elkartea da. Elkarteak ikastetxeko Hezkuntza Proiektuaren barnean funtzio garrantzitsua betetzen du, Eskolako Organo Gorenean eta iraunkorrean parte hartuz.

Familiek Organo Gorena, Guraso Elkartea eta batzordeen bidez ikastetxearen kudeaketan parte hartzen dute. Ikasleek, eskolako ardatz nagusia direnez, beraien ordezkarien bitartez eskolako funtzionamenduan eta antolaketan parte hartzen dute.

Azken urteetan proiektu garrantzitsuak jarri dituzte abian, hala nola:

  • Aniztasuna modu positiboan bizi eta inklusioa ahalbidetzeko festa ezberdinak urtean zehar (jatorri ezberdinetako familietako 800 pertsona bazkaltzen biltzeraino).
  • Komunitate osoa saretzeko komunikazio eta itzulpen tresnak.
  • Naturarekin kontaktu zuzena izan eta eskola ingurua eraberritzeko proiektuak (Baso Eskola).
  • Ikasleen elikadura osasungarriagoa izateko ekimenak (hamaiketako osasungarria eta jangela jasangarria).
  • Burujabetza teknologikoan eta pantailen erabilera egokia egiteko pausoak ematen hasi.
  • Herriko eta ikastetxeen arteko desorekak bideratzen laguntzeko ekimenak…

Oianguren BHI

Oianguren BHI Ordiziako institutu publikoa da eta gaur egun 521 ikasle inguru hartzen ditu. Inguruko herrietako ikasleak etortzen dira institutura: Zaldibia, Legorreta, Itsasondo, Arama, Altzaga eta Gaintza.

Institutuan, DBHtik Batxilergorako ikasketak burutu daitezke. Azken honetan, modalitate hauek eskaintzen dira: zientzia eta teknologiako batxilergoa eta gizarte zientzietako batxilergoa, guztiak D ereduan. Horretaz gain, haur-hezkuntzako goi-mailako ziklo bat ere eskaintzen da.

Gaur egun, institutua iraultza pedagogiko batean murgilduta dago, gero eta proiektu gehiago egiten dira. Hala, 2020-2021 ikasturtean, eTwinning proiektuak Europan bigarren saria lortu zuen "Breaking news: listen to my radio" proiektuarekin. eTwinning ekimenaz gain, institutua STEAM esperientzian murgilduta dago (science, technology, engineering, arts, mathematics), gure gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak inspiratzea helburu duena. PBL (Project Based Learning) proiektuaren helburua ikusi eta erakutsi daitekeen "azken produktu" bat sortzea da.

Oiangurengo ahotsak, irakurle finaren txokoa eta hizkuntzen tratamendu integrala bezalako ekimenek osatzen dute modernizatu den eta gaur egungo garaietara egokitu den eskaintza akademikoaren oinarria. Ildo honetatik, digitalizazioak gero eta pisu handiagoa du zentroan.

Oiangu Guraso Elkartea

Oiangu Guraso Elkarteak Institutuko eguneroko bizitzan eta heziketa prozesuan zuzendaritza eta irakasle klaustroarekin batera parte aktiboa hartzea du helburu. Elkarte hau ikasle eta herrietako beharren ezinbesteko ahotsa da eskola komunitatean.

Hauek dira Oianguren Guraso Elkartearen helburuak:

  • Gurasoak seme-alaben heziketarekin lotuta dauden gaietan bideratu eta laguntzea.
  • Ikastetxeko heziketa jardueretan laguntzea.
  • Ikastetxeko zerbitzuen hobekuntza sustatzea.
  • Ikasleen gurasoek ikastetxearen kudeaketan parte hartzea bultzatzea.
  • Gurasoentzako zein ikasleentzako hezkuntza jarduera osagarriak antolatu eta finantziatzea.