‘Jagon Eskola Publikoa’ izango da Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren 30. leloa

Argitaratuta: 2022/12/16 15:35:22
Kategoriak: EEPJ Rss feed

‘Jagon Eskola Publikoa’ izango da Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren 30. leloa

Gaur aurkeztu dugu prentsaurrean 2023ko ekainaren 4an Mungian egingo dugun Euskal Eskola Publikoaren 30. Jaia. Prentsaurrekoan parte hartu dute Egoitz Regil, Mungialdeko IGEen ordezkari gisa, Alaitz Erkoreka Mungiako 1. alkateordea Udalaren izenean, Reyes Lengaran BIGEko koordinatzailea eta Lurdes Imaz EHIGEko koodinatzaileak. Bertan egon dira ere Mungialdeko ikastetxe publikoetako ordezkariak, ikasleak, familiak zein zuzendaritza-taldeak.

Euskal Eskola Publikoaren Jaia ekainaren lehen igandean egiten den jarduera bat baino askoz gehiago da. Eskolen arteko elkarlana sustatzea, sare publikoan egiten diren egitasmoak erakustea, ikastetxeen aldarrikapenak kaleratzea, familien parte hartzea eskolan bultzatzea eta hezkuntza komunitateari kalitatezko jarduerak eskaintzea dira, besteak beste, Jaiaren helburuak.

Hezkuntzan lege-aldaketa sakonak egiten ari diren une batekin bat egiten du 30. Jai honek. Prozesu hori eskola publikoa sendotuz eta hedatuz amaitu behar da, euskal hezkuntza-sistemaren ardatz bihur dadin.

LELOA ETA IRUDIA
“Jagon Eskola Publikoa” da Euskal Eskola Publikoaren 30. Jaiaren leloa. Jaiaren urteurrena aprobetxatuz, publikotasunaren garrantzia aldarrikatzen du, inoiz baino gehiago, aurtengo leloak, mungialdean erabiltzen den eta zaindu eta babestu adierazten duen jagon aditza du barne aurtengo logoak.

Irudiari dagokionez, Euskal Eskola Publikoa eraikitzen, babesten eta ospatzen duten familia, ikasle, irakasle eta hezkuntza komunitatea irudikatu nahi izan ditugu, diseinu garbi, alai eta koloretsu baten bidez. Horretarako forma geometriko anitzak ikusten dira irudian, Euskal Eskola Publikoa osatzen duten pertsonak bezalakoak. Forma eta pertsona independenteak, baina harresi edo sare bezala antolatuta Euskal Eskola Publikoa saretu, babestu, aldarrikatu eta ospatzeko prest daudenak. Xabat Agirre da aurtengo irudiaren egilea, eskola publikoko ikaslea izandako
diseinatzailea.

MUNGIALDEKO IKASTETXE PUBLIKOAK
Ekainean ospatuko dugun Euskal Eskola Publikoaren Jaia antolatzen ari dira, EHIGErekin batera, Mungialdeako ikastetxe guztietako guraso eta zuzendaritza taldeen ordezkariak parte hartzen ari dira antolaketan. Izan ere gure helburuetako bat eskualdeko ikastetxe publikoen arteko harremana sendotzea baita, orain eta aurrerantzean elkarrekin lan egin ahal izateko.

Aurtengo Jaiak lau gune izango ditu, ekintza ibiltariez gain. Mungiako espazio hauek artuko dute Euskal Eskola Publikoaren Jaia: Eskola eta institutua, Herriko plaza, Uriguen parkea,
Torrebillela parkea eta gune ibiltaria.

Aurreko urteetan bezala, Jaiaren jarduerak ez dira mugatuko ekainaren 4ra. Ekainaren 3rako programa prestatzen ari gara ere, eta urtean zehar hainbat aurretiko ekintza ere antolatuko dira.