Legarda eskolaren 50. Urteurrenaren erakusketa

Argitaratuta: 2023/05/30 11:15:01
Kategoriak: Euskal Eskola Publikoaren Jaia Rss feed , Hasiera Rss feed

Legarda eskolaren 50. Urteurrenaren erakusketa

Mungiako Legarda haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe publikoak 50 urte ospatzen ditu aurten. Hori dela-eta, beste jarduera askoren artean, erakusketa bat ipini dute eskola sarrerako kristaldegian.

1960. hamarkadatik eskaintzen da irakaskuntza publikoa Mungian. Garai haietan Aita Elorriaga kaleko bi eraikinetan kokatzen ziren “eskola nazionalak” deiturikoak. Eskolak txiki geratu ahala, gelak herriko zenbait eraikinetan banatzen hasi ziren, Legardako eraikin berrira pasatu ziren arte.

1970. hamarkadan erosi zuen Udalak eskualdeko eskola berria eraikitzeko lursaila, eta 1972-1973. ikasturtearen erdi aldera jarri zen martxan “Colegio Nacional de Educación General Básica Fernando de Ybarra y López-Dóriga” izenarekin, orduko Bizkaiko Diputazioaren presidentea. Eskola berrian Mungiako gela askotan barreiatuta zeuden ikasle guztiak bildu ziren. Hiru maila zeuzkan eskolak: Eskolaurrea (4 eta 5 urtekoak), Lehen etapa (1.tik 5.era) eta Bigarren etapa (6.etik 8.era). Apurka-apurka eskola txiki geratu zen, inguruko herrietako ikasleria gehitu baitzen: Bakio, Emerando, Larrauri, Meñaka, Arrieta, Botiola, Gamiz-Fika eta Gatikaren alde bat.

1978-1979 urteetan D eredua zabaldu zen eta ikasleak banatu ziren. Garai honetan ipiniko da ere eskolan lehenengo aldiz ikurriña, demokrazia garaiko lehen Udalbatzaren agintarien aurrean.

1981ean dator izen aldaketa, Fernando Ybarra López-Doriga “Legardalde Ikastetxea”  deitzera pasatuz, betetzen zituen lurrekin eskolari egokiago zetorkiona. 1998-1999an bi urtetako gelak zabaldu ziren.

2001ean lehenengo Legarda Eguna ospatu zen, 25 urte pasa zirelarik, eraikinean konponketak egiteko lan-eguna. Hasiera batean euren seme-alabentzat baldintza hobeko eskola lortzeko familiek bultzatua, egun hau urteak aurrera joan ahala denek itxaroten zuten festa-egun bilakatu zen. Helduek lan egin bitartean, txikiek tailerretan hartzen zuten parte eta lansaioa amaitzean, mahai luzeetan janaria partekatzen zen. Geroago, musika, puzgarriak edo apar-festa egiten ziren. Eskolako komunitatearentzat ospakizun garrantzitsua da, familien eta eskolaren arteko harremana indartzen baita.

2011ko irailaren 15ean aldatu zen azken aldiz izena: “Legarda Herri Ikastetxea”.

2011ko abenduan hasi zen eraikin zaharraren eraispena eta 2014ko apirilaren 28an estreinatu zen gaur egungo eskola, zeinak hiru solairu eta erdian patio argitsu bat daukan. Eskolak emateko gelez gain, musikarako bi gela, informatikarako bi, psikomotrizitateko beste bi, ingeleserako hiru, gimnasio bi, aldagelak eta dutxak, liburutegia, areto nagusia, sukalderako gela, sukaldea eta jangela, patioak eta erabilera anitzeko pista, baratzea eta negutegia ditu.

Proiektu berriaren jatorrizko planoetan ez zegoen otorduak bertan prestatzea bideratuko zuen sukalderik, zaharrean bazegoena, eta catering zerbitzua eskatzen zuena. Eskolako komunitateko kide guztiek (irakasleak, gainerako pertsonalak eta familiak) mugitu egin ziren baldintza oneko sukaldea eskatzeko eta, sinadura-bilketa, prentsa-oharrak eta esfortzu handien ondoren, sukalderako ziren metroen kopurua handitzea lortu zuten. Hala, egun, ikasleriak egunero eskolan bertan prestatutako menuaz gozatzen du.