Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren egitaraua

Argitaratuta: 2019/05/23 11:44:08
Kategoriak: EEPJ Rss feed

Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren egitaraua

Ekainaren 2an Errenterian ospatuko dugu Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaia. Egitaraua sei gunetan antolatuta egongo da eta hamaika jardueraz gozatzeko aukera paregabea izango da.

Motorrak berotzen!

Ekainaren 1ean, larunbata, hainbat ekintza burutuko dira Errenterian, Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaiari harrera emateko. Gamon Zumardia gunean, familian jolasteko aukera izango da 16:00retatik aurrera. Gainera, Herriko plazatik Errenteriaren historia industriala ezagutzeko Sirena hotsen atzetik izeneko bisita gidatu bat egingo da 16:00retatik 17:30etara. Ezinbestekoa dela aldez aurretik hemen izena ematea.

19:00etan Nerabe taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera egongo da, 2016an Donostiako musika eszenatik zetozen hainbat musikari elkartuta sortutako taldea.

Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaiaren egitaraua gunez gune

Jaia sei gunetan banatuko da, Koldo Mitxelena, Gamon Zumardia, Gernika plaza, Herriko plaza, Foru plaza eta Ondartxo hain zuzen ere.

1. gunea: Koldo Mitxelena

Koldo Mitxelena eskola izango da Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaiaren lehenengo gunea, atsedenerako leku aproposa behin irekiera ekitaldia amaituta. 15:00reratik aurrera hainbat elkartek eskainitako tailerrak egingo dira: Juneren Hegoak (gaixorik dauden ume eta euren familiei laguntzen dien gobernuz kanpoko erakundea), Mindara (dibertsitate funtzionala duten pertsonak artatzeko elkartea), eta Begisare (Erretinosi pigmentarioa duten pertsonei laguntzen dien elkartea). Aipatzekoa da ere eskolan takila-zerbitzua eskainiko dela (eskola barruan).

2. gunea: Gamon Zumardia

Gamon Zumardia izango da jaiaren bigarren gunea. 12:00etan Pirritx, Porrotx eta Marimotots igoko dira oholtzara “Musua” ikuskizunarekin, musuek ere mundua biraka jartzen dutela erakusteko prest. 11:00etatik aurrera giza balioak Euskal Herriko txoko guztietara musika bidez helarazteko sortu zen Baloreak proiektuaren eskutik, egitasmo interaktibo batean parte hartzeko aukera egongo da. Arratsaldean musika izango da protagonista, 16:00retan Demode Quartetek “Epa Txiki” ikuskizuna eskainiko du Agirre Lehendakariaren plazan era 18:00 Nogen taldeak kontzertua eskainiko du.

Horretaz gain, janarirako txartelak erosi eta bazkaltzeko aukera egongo da kioskoaren inguruan. Aukera zabala izango dugu: paella, hanburgesakZaporeak proiektua, taloak eta bokatak.

Kiosko gunean Eroski eta Euskaltel guneak egongo dira, Eroski Elikadura Eskolako programarekin eta Euskaltel inbasio estralurtarra gertutik ikusteko aukera emango duten errealitate birtualeko betaurrekoekin.

Egunean zehar ere EITBren Hiru3 gunea egongo da eta argazkiak ateratzeko aukera egongo da.

Zumardian egongo da ere alkoholemia postua, alkoholaren erabilera arduratsua sustatzeko asmoz.

3. gunea: Gernika Plaza / Panier

Gernika Plaza izango da jaiaren hirugarren gunea, bertan 11:00etatik aurrera puzgarriak egongo dira (euskal ludoteka, herri kirola, oihan tobogana, itsasontziak, txikitrena, barredora, jumping) eta PAI Antzerki eta Kale Animazio konpainiaren jolas kooperatiboak ere.

4. gunea: Herriko Plaza

Laugarren gunea kontzertuen gunea izango da. Larunbatean 19:00etan Herriko plazan Nerabe taldeak kontzertua eskainiko du, giroa berotzen hasteko. Ekainaren 2an 13:00etan eMe taldearena kontzertua egongo, 15:00etan Ene Kantak konpainiaren ikuskizun eta antzerki musikala eskainiko da eta 17:00etan Izaki Gardenak taldearen kontzertua.

5. gunea: Foru Plaza

Foru Plazan egongo da jaiaren bosgarren gunea. 12:00etan Apaxi ipuin kontalaria izango da. Aipatzekoa da Apaxiren istorioak zeinu hizkuntzan jarraitu ahal izateko aukera egongo dela Eskuaire elkarteari esker. Ordu berean umeak garraiatzeko zapien tailerra eta buruko zapien tailerra eskainiko dira.

Horretaz gain, 13:00etan Henna tailerra eskainiko dute Koldo Mitxelena eskolako amek. 15:00retan Mustaren perkusio tailerra egongo da, tinbalak jotzen ikasteko. 17:00etan Roberto Whitek txontxongilo ikuskizuna eskainiko digu.

6. gunea: Ondartxo

Ondartxo gazte gunea izango da (alkoholik gabeko gunea hain zuzen ere). 11:30etan ergometroak frogatzeko aukera izango da (arrauna makinetan) eta skate erakusketa eta tailerra eskainiko du Life Style taldeak. 11:30tan eta 12:30etan DJ Txurru eta Asier Burguetek (Goazen-eko aktorea) musika pintxatuko dute eta 15:00retan dantza urbanoa egongo da. 16:00retan Aneguria arituko da abesten eta musika pintxatzen. Bestalde, egunean zehar graffiti erakustaldia, skate zirkuitoa, erakusketak eta kale animazioa egongo da. Gainera, arraun ikastaroa egongo da Hibaika Arraun Elkartearen eskutik. Garrantzitsua da kontuan izatea arraun ikastaroan parte hartzeko ezinbestekoa dela adin txikikoak heldu batekin joatea.

Egunean zehar jaia, nonahi!

Ez da Errenterian jai girorik gabe egongo den txokorik! Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaian giroa berotzeko hainbat ekintza ibiltari izango dira kaleetan zehar: EH 11 kolore, Euskorleans, Rockalean, EMKE banda, Reperkusion Feminista, trikitilariak, txistulariak eta dantzariak...

Euskal Herria 11 Kolore, gure gizartean bizi dugun jatorri aniztasunaren inguruan, hausnartu eta eztabaida sustatzeko asmoarekin jaiotako herri ekimena da. Aniztasun horrek euskal kulturari eta euskal gizarteari ekarriko dion aberastasuna dugu abiapuntu.

Euskal kantak, New Orleanseko 20. eta 30. hamarkadetako musikara moldatzen dituen jazz taldea da EuskOrleans Dixie Band eta euren ikuskizunarekin batera Lindy Hop erakustaldia egonda da. Rockalean hiri edo herriko kaleetako edozein lekutan jo dezakeen Rock taldea da, Rock eta Pop estiloko kantu ezagunek osatzen dute euren kantu-zerrenda, beti ere bertsioek orijinalaren kutsurik galdu ez dezatela kontuan hartuta.

Errenteriako Musika Kultur Elkarteko Banda 1948ko uztailaren 20an jaio zen José María Iraola jaunaren zuzendaritzapean. Herri osoan kulturalki biziena den elkartea da, herri tradizio artistikoa handitzen laguntzen du eta Errenteria Musikal Kontserbatorioaren sorrera bultzatu zuen. Bertan, ehunka gaztek haien ezagutza musikala handitzen eta hobetzen dute, bakoitzak haien atalean.

Errenteria batukadaren erritmora mugituko da, Reperkusion Feminista taldearen musikarekin, borroka feminista kalera atera eta ikustaraztea bilatzen duen emakumeen batukadarekin.

Deskargatu egitaraua PDF formatuan:

Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaiaren egitaraua