
EHUNETAN lemapean ospatuko dugu Santurtzin Euskal Eskola Publikoaren 33. Jaia. Lelo honen bidez Euskal Eskola Publikoa EHUNDUTA DAGOEN SAREA dela adierazi nahi dugu.
Xabat Agirrek egin du diseinua. “Ehunetan” markak sare baten kontzeptua irudikatzen du: norbanakoen hariek elkar ukituz eta elkar lotuz osatzen duten ehundura. Hizki bakoitza bere kolore eta forma propioarekin agertzen da, bakarka hari bat balitz bezala. Baina denak elkarri lotzen zaizkionean, hitza sortzen dute; eta hitzarekin batera, sare bat. Sare horrek eskola publikoaren komunitatea irudikatzen du: elkarlanean eta konektatuta, handiagoa den zerbait ehuntzen duena. Guztiok gara hari bana; elkarrekin, etorkizuna eusten duen sare sendoa.